XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Turkiarren gerrako legeek eskatzen zuten gudarosteko gaitzesleak ezinbestean madarikatu behar zuela erasoa ematera zihoazena, gaztelu gotortu bat, harresi bat edo zanga soil bat izan eraikuntza hura.

Esaten zuten madarikazioko keinua egiteko testua, oso argi, ondoan marrazki eta guzti, ageri zela antzinako liburu haietan.

Esku-ahurrak zabaldu behar zituen madarikatzaileak, haiek aurrerantz luzatu behar zituen gero madarikazio zitalari hegan eragiteko bezala, eta, madarikatzeko zuen gauzari bizkarra eman baino lehen, hiru bider errepikatu behar zuen keinu bera.

Agertzen da otomar kronika horietan, hiribilduak, patxa-herri matxinatuak eta Estatuak berak ere, erasoa eman baino lehen nola madarikatu, baina kontinente oso baten madarikazio konturik ez da aipatzen.

Horregatik ematen zuen agian urduri samar Sulullak, abenduaren 16ko ilunabarrean inperioaren muturrera iritsitako Turkiar Estatuko Gaitzesle Nagusiak, lekukoek esan zutenez.

Iluna eta hezea omen zen giroa, eta gandu artean zegoen hartarakoxe bakarrik eraikitako minarete koxkor behin-behinekoaren inguruko zabaldia.

Igo zen madarikatzailea minarete koxkor burdinzurizko gezidunaren goreneraino, eta bertan egon zen une batez begiak gure aldean urrunera begira zituela, haien ustez Europa madarikatua hasten zen aldera, hain zuzen.

Oso giro txarra egiten zuen eta gandu harekin ezin zen ia ezer ikusi.

Sulullari mugaraino lagundu zion goi mailako funtzionari taldexka isil-isilik zegoen.

Minaretearen oinean, irekia zeukan Inperioko kronikariak bere kaier lodia, gertaera idatzita uzteko.